Topaketak
I Berrituz Topaketaren laburpena
Azaroaren 28an, osteguna, Gasteizko Europa jauregian bildu ginen Berrituz Topaketaren lehen edizioa ospatzeko. Jardunaldi hori tokiko gizarte-zerbitzuei buruzko esperientzia-trukerako eta ikaskuntzan lagundu ahal izateko pentsatuta dago. Topaketara joan zirenen artean egun batzuk geroago egin genuen inkestaren arabera, interesgarria eta motibatzailea izan zen, eta hizlari gisa parte hartu zutenek balorazio onak jaso zituzten. Hurrengo Berrituz Topaketarako hobekuntza-proposamenak eta iradokizunak ere jaso genituen. Aurten bertan egingo da Euskadiko beste hiriburuetako batean.
Jarraian, jardunaldiaren kronika labur bat eskaintzen dizuegu, aurkezpenetarako eta audio-grabazioetarako estekekin. Amaitzeko, 2020rako zehar Berrituz programan aurreikusitako jarduerak azalduko dizkizuegu.
Jardunaldiaren kronika
Arantxa Mendietak, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko teknikariak, ongietorria eman zuen eta parte-hartzaileak aurkeztu zituen.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu zuen Berrituz-ek zein eginkizun izan dezakeen esku-hartze sozialaren esparruan berrikuntza eta kalitatea sustatzeko, ekimena Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen 2016-2019 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen delarik.
Bestalde, Gorka Urtaran Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteko presidenteak eta Gasteizko alkateak gizarte-politiken tokian-tokiko dimentsioa azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuen zerbitzu berritzaileak abian jartzeak lagundu diela Gasteizkoa bezalako udalei azken urteetan izandako gizarte-beharren gorakadari eraginkortasunez erantzuten.
Aurkezpena (es) [pdf, 451 kb] |
Ondoren, Imanol Ilárraz SIISeko teknikari eta Berrituz programaren arduradunak, ekimen hau aurkeztu zuen, tokian-tokiko gizarte-zerbitzuetan interesgarriak diren tresnak eta jardunbide egokiak bildu eta ezagutarazi dituena. Programaren webguneak tresna teknikoen biltegi bat, esperientzien biltegi bat eta liburutegi elektroniko bat ditu tresna nagusi gisa. Gainera, Berrituz-ek foro birtual bat jarri berri du martxan, beharra izanez gero, honakoak egiteko aukera eskainiko dizuena:
- SIIS zentroari dokumentazio espezializatua eskatu.
- Programen eta zerbitzuen diseinuari, inplementazioari, ebaluazioari eta hobekuntzari buruz beste udalerri batzuei kontsultak egin.
- Eremu honetan interesgarria izan daitekeen edozein informazio mota zabaldu.
Aurkezpenaren laburpena (es) [pdf, 937,3 kb] |
Kafea hartzeko etenaldi baten ondoren, Silvia Navarro-ren txanda iritsi zen. Berrikuntza prozesuetan eta antolakuntza ikaskuntzan erraztailea eta “Gizarte-zerbitzuetan bizitza adimenduna dago: berrikuntza, ikaskuntza kolektiboko esperientzia gisa” izeneko hitzaldia eskaini zuen, non:
- Gaur egun gizarte-zerbitzuen berrikuntza zergatik den ezinbestekoa aztertu zuen.
- Sormenaren eta berrikuntzaren arteko aldea azaldu zuen, bai eta berrikuntza-motak eta berrikuntzan esku hartzen duten gaitasunak ere.
- Pertsona sortzaile eta berritzaileagoak izaten lagun diezaguketen jarrerak eta estrategiak xehatu zituen.
- Erakundeen barruan prozesu berritzaileek nola funtzionatzen duten deskribatu zuen.
- Antolaketa-testuinguruetan berrikuntza bultzatzeko zenbait jarraibide proposatu zuen.
Jardunaldia amaitzeko, mahai-ingurua egin zen. Bertan, hainbat tamainatako euskal udalerrietako ordezkariek lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuetan hiru jardunbide egoki aurkeztu zituzten:
| Aurkezpena (pdf, 276,6 kb) |
| Aurkezpena (es) [pdf, 976 kb] |
| Aurkezpena (es) [pdf, 1,4 Mb] |
Ezin dugu kronika labur hau amaitu gure esker ona adierazi gabe:
- Hizlariei, gogo handiz onartu zutelako jardunaldian beren ezagutza partekatzera etortzeko aukera.
- Publikoari, aretoa bete eta galdera eta ekarpen ugari egin baitzituen.
2020rako aurreikuspenak
Urteko azken hiruhilekoan, Bilbon edo Donostian egingo den II. Berrituz Topaketa. Zuen proposamenei erantzunez, protagonismo handiagoa emango diegu tresnei eta esperientziei, eta gizarte-zerbitzuen barne-kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruz eztabaidatuko dugu. Bitartean, programaren biltegietan eta liburutegian lanean jarraituko dugu. Gogoratu zuen tresnen eta esperientzien proposamenen zain gaudela. Eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetan berrikuntzari buruzko dokumentazio espezializatua behar baduzue edo horri buruzko kontsultak egin nahi badituzue, foroaren bitartez egin dezakezuela. Laster arte!